Garapenerako Administrazio Zentro Latinoamerikarra (CLAD)

Garapenerako Administrazio Zentro Latinoamerikarra (CLAD) nazioarte-mailako erakunde publikoa da, gobernu arteko izaera duena. 1972. urtean eratu zen Mexiko, Peru eta Venezuelako gobernuen ekimenari jarraiki.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak gomendatu zuen hura sortzea (2802 – XXVI Ebazpena) erakunde erregional bat ezartzeko asmoz, zeinaren jardueraren ardatz nagusia administrazio publikoen modernizazioa litzatekeen, horixe delako garapen ekonomiko eta sozialaren prozesuko faktore estrategikoetako bat.

Estatuaren erreformaren eta Administrazio Publikoaren modernizazioaren inguruan analisia eta esperientzien eta ezagupenen elkartrukea sustatzea da haren egitekoa. Helburu horretarako, honako hauek egiten ditu: nazioarteko batzar berezituak antolatu, lanak argitaratu, dokumentazio- eta informazio-zerbitzuak eskaini, ikerketak burutu, eta bertako herrialde kideen eta beste eskualde batzuetatik etorritakoen artean lankidetza teknikoko jarduerak gauzatu.

CLAD deritzona berari dagozkion eskuduntza-arloetan kontuan hartu beharreko nazioarte-mailako erakundea da. Iberoamerikako gobernuen artean lortu duen aintzatespenaz gain, nazioarteko hainbat erakundek ere haren lankidetza eskatzen dute. Era berean, ikerketa- eta sendotze-jarduera instituzionalak garatzen ditu lankidetzarako gobernu erakundeekin eta Europako, Ameriketako Estatu Batuetako eta Kanadako ikerketa- eta irakaskuntza-erakundeekin.

Instituzionalki nazioarteko beste zenbait instantziatan parte hartzen du, eta Estatu eta Gobernu Buruen Gailur Iberoamerikarren markoaren barruan egiten diren Administrazio Publikoaren eta Estatuko Erreformaren Ministroen arteko Biltzar Iberoamerikarretako idazkaritza tekniko iraunkorra da.